Euskal Herria erreferentea izan da ontzigintzaren industrian. Gure kostaldean eraikitako ontziek mundu osoko itsasoetan barrena nabigatu izan dute historian zehar, eta, ondorioz, gure herriak itsasoko eta ontzigintzako kultura eta tradizio aberatsak izan ditu. Alabaina, mundua eta teknologia asko aldatzen ari dira, eta ondare tradizional eta aberats hori galduz doa, baita ondare horretako kontzeptuak izendatzeko erabiltzen diren izendapen eta terminoak ere.
Hiztegi honen helburu orokorra da ontzigintza tradizionalaren arloko kontzeptuak jasotzen dituen oinarrizko lexiko espezializatua biltzea, arloan diharduten aditu eta erakundeek beren diskurtsorako baliabide erabilgarria izan dezaten, eta, bide batez, galtzear dagoen euskarazko ondarea gordetzea.
Egitasmo hau hiru erakunderen arteko elkarlanaren emaitza da (Albaola, Euskal Itsas Museoa, eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa), eta bakoitzak bere ezagutza eta esperientzia jarri ditu proiektuaren zerbitzura. Elkarlan horri esker, ekimenak oinarri sendoak ditu.
Saio honetan, jakintza-eremua nolabait mugatzeko, San Juan baleontziaren inguruko kontzeptuak bildu dira. Guztira, 241 kontzeptu daude, gai hauen arabera sailkatuta:
- Itsasontziaren aldeak
- Itsasontziko piezak eta osagaiak
- Mastak, belak eta aparailuak
- Itsasontzi-motak
- Eragiketak eta maniobrak
- Materialak
Euskarazko formak arloko testu espezializatuetatik osatutako corpus batetik jaso dira, eta, beharrezkoa izan denean, arloko adituen zuzeneko testigantza jaso da, forma aproposak biltzeko. Gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainak ere jasota daude, erabiltzaileek aukera izan dezaten erdaretatik abiatuta bilaketak egiteko. Hiztegia lantzean, UZEIren kalitate-estandarrak eta hizkuntza-agintaritzen arau eta gomendioak bete dira beti.
Gure desioa da lan-baliabide hau baliagarria izan dadila jakintza-esparru honetan jardun behar duten aditu, dibulgatzaile eta hezitzaileentzat.